- Nabarmentzekoa da emakumeek zuzendaritzan izango duten protagonismoa, hautaturiko sailen erdiek emakume errealizatzaileak baitituzte
- Ohiko komedia eta drama ez ezik, aldi honetan garrantzia izango du dokumentalaren generoak. Horretaz gainera, aurkezturiko obren batezbesteko iraupena igo egingo da aurten ere
- Kanadak dakar lanik gehien, 15 obrarekin; ondoren datoz AEBak, zortzirekin, eta Frantzia eta Alemania, seina lanekin
- Lehiaketa iragarri ohi duen karteleko neskari dagokionez, aurten Koreako «Squid Game» sailari egiten dio erreferentzia
Bilbo, 2022ko irailaren 20a.- SERIESLANDek, Bilboko Websailen Nazioarteko Jaialdiak, VIII. aldia izango du aurten. Urriaren 17tik 22ra izango da, eta egoitza nagusia BilboRock aretoan izango du. Oraingo honetan, lehiaketak 80 lan baino gehiago hautatu ditu, lau kontinentetako 26 herrialdetakoak, eta guztiak lehiatuko dira dauden kategorietan. Beti bezala, proiekzioek sarrera librea eta dohakoa izango dute, eta programa osatzeko jarduera askotarikoak izango dira Bilbon barreiatutako guneetan.
Zazpi urteko ibilia baino ez du SERIESLANDek, eta bere generoan jaialdirik ospetsuenetako bat izatea lortu du; hala, Bilbo erreferentziazkoa bihurtu du nazioartean, Internet bidez banatzen diren ikus-entzunezko ekoizpenetarako. Eta, oraingo aldian, nabarmentzekoa izango da, zalantzarik gabe emakumeen protagonismoa websailen zuzendaritzan; izan ere, lehiaketako obren erdiak emakumeek zuzenduak dira. Beste mota bateko ikus-entzunezko jaialdiek oso urrun dute parekotasuna; hortaz, zinema eta telebista arloko sorkuntzan, konpondu gabeko kontua da, oraindik ere.
Websailen ekoizpena pandemiaren eraginpean egon denean —izan ere SERIESLANDen ikusi ahalko diren gehienak 2021ean filmatuak dira—, jaialdiaren antolatzaileek egiaztatu dutenez, ekoizpen bolumena jaitsi egin da, baina kalitatea, ordea, igo, oro har. Agerian gelditu da ekoizpen lanek ahalegin handiagoa eskatu dutela, eta lehiaketako obren iraupena ere handitu egin da, asko jada 15-20 minuturen metrajean baitaude. Generoei dagokienez, ohiko komediak eta dramak izango badira ere, dokumentalek garrantzia hartuko dute aurten, hogei lan inguru izango dira eta.
SERIESLANDen lehiatuko diren lanen jatorriari begiratuta, berriz, gure pantailetara nekez iristen diren ekoizpenak ikusteko aukera aparta emango du jaialdiak; hain zuzen ere, Europako, Amerikako, Asiako eta Ozeaniako 26 herrialdetako obrak izango ditu eskura publikoak. Kanadak dakar lanik gehien, 15 obrarekin; ondoren datoz AEBak, zortzirekin, eta Frantzia eta Alemania, seinarekin. Dena dela, horiek ez ezik, ikusgai izango dira Australiakoak, Argentinakoak, Brasilgoak, Irangoak, Koreakoak eta Japoniakoak ere. Eta presente egongo dira, hala berean, oso herrialde txikietako obrak, edo filmografia oso arrotza zaigun herrialdeetakoak, hala nola Costa Rica, Luxemburgo, Singapur, Kazakhstan eta Libano.
Kartelak «Squid Game» saila omentzen du
Jaialdia iragartzen duen kartelean, bost urte honetako protagonista bera izango da, neska anonimoa, besteak beste «Tronuen dema» eta «Izarretako Gerra» filmen parodiak egin dituen bera. Aldi honetan, SERIESLANDek Hego Koreako «Squid Game» («Txipiroiaren jokoa») saila omenduko du, zeina, 2021eko irailean estreinatu zenetik, sekulako arrakasta izan baitu; Netflix plataforman gehien ikusi dutena izan da, 142 milioi lagun baino gehiagoko audientzia mundu osoan. SERIESLANDen kartelean, Koreako fikzio ospetsu horren posterrik ezagunenetako bat imitatzen du, eta neskak saileko zaindari mozorrotuen rola hartzen du. Lurrean datzaten hiru dantzarietako baten hilotza arrastaka darama opari kutxaren forma duen hil kutxa ikonikoetako batera, «Txipiroiaren jokoa» saileko elementurik bereizgarrienetako batera.
SERIESLANDek banatzen dituen Otsoek Oscar sariak ordezten dituzte sorkuntza digitalaren arloan, eta kategoria berak sariztatzen dituzte: sailik onena, zuzendaritza, aktore lana, ekoizpena, soinua, musika… Lehiaketako websailak sail ofizialean lehiatu ez ezik, lehiatuko dira baita espezifikoki sorkuntza independentearen arloan, ez-fikziozko atalean eta trailerren lehiaketan ere; horretaz gain, euskal ekoizpenaren sustapenerako espazioa izango da.
Baina SERIESLAND ez da bakarrik lehiaketaren atala, itxierako gala eta garaikurrak banatzea, jaialdi arrunt bat baino askoz gehiago da, zeren eta eduki digitalen nazioarteko merkatua ere bada, baita sektorean puntan dabiltzan enpresen topagune ere; gainera, gogoetarako foro bat ere badauka, eta mintzaldiak, hizketaldi espezializatuak eta networking saioak egiteko aukera ematen du lehiaketara agertzen diren eragileen artean. Gainera, DIMAren moduko ekimenak ditu, hau da, mezenasgorako nazioarteko plataforma bat, ikus-entzunezko talentu berrientzat eta formatu berritzaileentzat, finantzabidea, koprodukzioa eta nork banatua topa ditzaten.SERIESLANDek honako erakunde hauen babesa du: Beaz foru sozietatea (Bizkaiko Foru Aldundia), Bilbao Ekintza udal elkartea, Laboral Kutxa, Zineuskadi, EIKEN klusterra, Ikey Group Comunicación etxea, SeekaTV (AEBetako websailen ekoizle eta banatzaile independentea), Acción Cultural Española, Eusko Trenbide Sarea etaEuskotren.