- Jaialdiak gaur ekingo dio lehiaketako websailen 40 ordu proiektatzeko asteari, dela zuzenean eta dela streaming bidez; horrekin batera, hitzaldiak, mahai inguruak eta jendaurreko hizketaldiak izango dira, baita galak eta kale jarduerak ere; bestalde, sektoreko profesionalak elkarrekin harremanetan jartzeko plataforma bat egongo da
- 2020an osasun krisi betean jaialdiari jarraipena eman ez ezik, aurten aurrez aurreko formatuaren zatirik handiena berreskuratu du, nahiz eta online plataforma aurrendari bat ere garatu duen modua ematen duena era birtualean parte artzeko programako ekitaldi guzti-guztietan
- Lehiaketako 120 websailetan, nabarmentzekoak dira herrialde hauetako ekoizpenak: AEB, Kanada, Errusia, Australia, Alemania eta Erresuma Batua, baina, era berean, Europako beste leku batzuetako lanak ere ikusi ahalko dira, baita Hego Ameriketakoak eta Ekialde Urrunekoak ere
- Pandemiak zinez eragin du websailen ekoizpen gaitasunean, baina aldi berean balio izan du inspirazio iturri gisa, eta proposamen interesgarriak sorrarazi ditu, bai dramaren arloan eta bai komediarenean
- Ohi bezala, SERIESLANDek arreta berezia jarriko die Euskal Herriko ekoizleei eta enpresa sortzaileei Basqueguna jardunaldian; gainera, inaugurazioan lan berrien gaualdia izango da, eta, besteak beste, euskaldunek eta iparramerikarrek elkarrekin ekoitzitako bat aurkeztuko dute, «The Cell«
- Iaz, lehiaketako websailen 120.000 ikustaldi lortu zituen SERIESLANDek, eta bere jardueretan zuzeneko 3.000 jarraipen erregistratu zituen sakelakoaren nahiz ordenagailuaren bitartez; horrekin batera, milioi erdi inguru ikustaldi izan zituen webgunean eta sare sozialetan
- Gaur arratsaldean, Bilborockeko egoitza nagusian hasiko da jaialdia, 17:00etan, sail independenterik harrigarrienetako batzuekin, eta hala berean ez-fikziozkoa eta dokumentala den edukia izango da, eta euskal websailak, sail ofizialeko lanak eta SERIESLAND Xpressen sari-ematea
- Jarduera guztietan doan sar daiteke, aurretik webgunez (Eventbritez) erreserba eginda, ez dadin jende pilaketarik izan eta segurtasuna errazteko
* BIDEOA: muntaia lehiaketako websailen irudiekin:
TRAILER SERIESLAND VII.mov from A FILM TO KILL FOR on Vimeo.
Bilbo, 2020ko urriaren 18a.- SERIESLAND Bilboko Websailen zazpigarren jaialdia gaur arratsaldean abiatuko da Bilborocken, eta helburua da nazioartean sendotzea bere generoko lehiaketarik esanguratsuenetako bat bezala eta Interneteko ikus-entzunezkoen sorkuntzarako topagune bezala. Sei egun bizi-bizi izango dira, eta SERIESLANDek jarduera programa zabala eskainiko du; besteak beste, lehiaketako websailen 40 ordu zuzeneko proiekzioetan streaming bidez, hogei bat hitzaldi, mahai inguru, jendaurreko hizketaldi, gala eta kale jarduera, eta sektoreko harremanetarako plataforma izateko bokazioa.
Osasun krisi betean Bilbon jarraipena izan duten nazioarteko ekitaldi publiko gutxietako bat izan ondotik, jaialdiak aurrez aurreko formatuaren zatirik handiena berreskuratuko du, eta osorik bete ahalko dira Bilborockeko lekuak, Ibaiondo Barrutiko Udal Bulegoak eta Guggenheim museoko entzungela galari itxiera emateko, eta guztietan ere muga bakarra maskara izango da, nahitaez ipinita izan beharko baita.
Alabaina, hor diraute zailtasunek eta mugek herrialde askotako nazioarteko bidaietarako, baita jaialdia ospatu baino hilabete batzuk lehenagotik indarrean nolako osasun larrialdia egongo zen iragartzeko ezintasuna ere. Hori da, hain zuzen, aurtengo berritasun handietako bat. Alde horretatik, SERIESLANDek, Donostiako Aglaya etxearekin, Gaia Klusterrarekin eta Eusko Jaurlaritzako KSI TEK laguntza programarekin, online plataforma aurrendari bat garatu du, eta horrek modua emango du programako jarduera guztiak era birtualean ikusteko.
Abatar baten bitartez, jaialdirako espezifikoki diseinatutako espazio birtual batean nabigatu ahalko dute erabiltzaileek, eta munduko edozein txokotatik sartu ahalko dira denbora errealean websailen emanaldiak zuzenean ikusteko, grabatutako edukietara sartzeko eta hitzaldi eta hizketaldietan parte hartzeko, edo networkinga egiteko ikus-entzunezkoen sektoreko enpresekin eta profesionalekin, Bilbokoekin zein dagokien herrialdeetakoekin. Abatarrak egongo diren ingurune birtuala ikus daiteke bideo honetan.
Lehiaketako websailak
Lehiaketako 120 websailetan, nabarmentzekoak dira herrialde hauetako ekoizpenak: AEB, Kanada, Errusia, Australia, Alemania eta Erresuma Batua, baina era berean, Europako beste leku batzuetako lanak ere ikusi ahalko dira, baita Hego Ameriketakoak eta Ekialde Urrunekoak ere. Berebat oso ezohikoak diren herrialdeetako lanak ere, hala nola Kazakhstan, Israel, Singapur, Vietnam eta Polinesia Frantsesa.
Antolakuntzak, halaber, Errusiako lanen kopurua eta kalitatea nabarmendu du, egiazko sorkuntza leherketa izan baita herrialde horretan, eta ezustekoa izan da nolako freskotasunez heldu dieten gai askotarikoei eta nolako dinamismoa erakutsi duten bai muntatzean eta bai edizioan.
Koronabirusaren pandemiak munduan izan duen eragina islatuta geldituko da SERIESLANDen; izan ere, websailen ekoizpena asko geldotu da, baita paralizatu ere. Argumentuetan halabeharrezko birak izan dira zenbait kasutan, konfinamenduak filmaketan ezarri dituen mugak direla eta. Nahiz eta COVID-19ak zinez eragin duen lan berrien ekoizpen gaitasunean, aldi berean balio izan du inspirazio iturri gisa, eta proposamen interesgarriak sorrarazi ditu, bai dramaren arloan eta bai komediarenean; eta hori bistan geldituko da lehiaketako websailak ematen dituztenean,
Euskal ekoizpena
Ohi bezala, SERIESLANDek arreta berezia jarriko du bertako websailetan. Ez da faltako Basqueguna, programan urterokoa den ekitaldia, herrialdeko ikus-entzunezkoen industriari emana. Egun horren xedea izaten da etxeak eta eduki sortzaileak elkartzea, hau da, profesionalak, enpresak eta asmamena bateratzea. Aurten, nabarmentzekoa da Andoni Aldekoa, EITBko zuzendari nagusia, ikus-entzunezkoen arloko erakunde publiko horrek 2030era ezarri duen estrategiaren lerro nagusiak azalduko baititu.
Basquegunak, halaber, atzerriko hizlariak jasoko ditu; besteak beste, Adrian Garelik zuzendari, aktore, gidoilari, ekoizle eta Flixxo plataformako fundatzailea, Blockchainen oinarritutako banaketa eredu dezentralizatua, zeinak bitcoina erabiltzen baitu. Bestalde, George Reese iparramerikarra izango da, sektore teknologikoko enpresarioa zenean zinema independentera jauzi egin zuena. Orain Seeka TV banaketa plataformaren fundatzailea da, eta Minnesotako websailen jaialdia sortu du. Streamingaren abantailez mintzatuko da, eduki digitalen sarean banatzeaz. Eta Eduardo Carneros, Bilboko Euskadi Movie ekoiztetxekoa, adimen artifizialaz jardungo da, ikus-entzunezkoetan aplikatzeko dauden posibilitateez.
Euskal Herrian ekoitzitako websailek protagonismo berezia izango dute arratsalde honetako inaugurazioan, hiru lan emango baitituzte («Los 300«, «Casa de Ma« eta «Zikings«), eta horien arduradunak bertan izango dira, Ane Lindanek aurkeztuko duen jarduera batean. Bihar, berriz, euskaraz filmatutako hiru lan estreinatuko dituzte, eta arduradunak bertan izango dira zuzenean: “The Cell”, “Denboran bidaiatzeko gida osoa” eta “Trikimailu eta errezetak”. Lehena berezia da, iparramerikako websaila baita, zeinak, aurreneko bi denboraldiak egin ondotik, hirugarrena koprodukzioan filmatzera baitoa Euskal Herriarekin. Sortzaile eta protagonista, Bryan G. Thompson, Miamiko websailen jaialdiko arduraduna ere bada, eta aspaldiko ezaguna Bilboko lehiaketan; beraz, aurten berriz izango dugu gurean.
Epaimahaiko kideak
Aparteko aipamena merezi du lehiaketako garaileak erabakiko dituen epaimahaikoak, aurten bost lagunez osatua egongo denak:
- Regina Mosch: Copenhagen Web Festeko (Eskandinaviako websailen eta komunikabide berrien lehen jaialdiko) zuzendarikidea da Mosch. Dokumentalista bera, zinema esperimentalean jarduten da. Alemana da sortzez, eta Eskozian, AEBetan eta Danimarkan ikasia. Gaur egun, Danimarkan bizi da.
- Roger Casas-Alatriste: El Cañonazo Transmedia etxearen fundatzailea. Madrilgoa da, eta espezializatua dago branded contenten , transmediaren entretenimenduan eta edukien produkzioan. Casas, gainera, Branded Content Marketing Association elkarteko presidenteordea da; Sormenezko Industriaren Sarekoa da; eta Ikus-entzunezkoen Berrikuntza Kontseiluko kide izan da. 1999tik, eduki digitalei emana egon da zenbait konpainiatan, hala nola Columbia Tristar, SportsYA eta MobuzzTV.
- Beate Bambauer: sormen idazketa ikasi zuen Hanburgoko HAF eskolan. Gidoilari aritua da antzezlanetan, telebistan, film laburretan eta filmetan. Gidoilari ez ezik, «Number of Silence» oso saritua izana den sail digitaleko editore, ekoizle eta sortzaileetakoa da. 2011n Dobago Film ekoiztetxea sortu zuenetakoa ere bada, eta espezializatuta dago sail digitaletan. 2017tik, Alemaniako Die Serieale websailen jaialdiko programazio zuzendaria da.
- Olatz Beobide: aktore, zuzendari eta ekoizle joan deneko urte luzeetan. Antzerti Arte Eszenikoen Eskolan ikasi zuen, eta euskal teatro talde gehienetan aritua da, baita bere konpainiarekin ere. Telebistan, “Bi eta bat” eta “Goenkale” sailetan aritua da —zuzendaria izana da zazpi denboraldiz—, baita «Aitaren Etxea» sailean ere, eta berriki egindako «IIargi Guztiak» eta «La Sirvienta» film luzeetan parte hartu du. Sortzaile, zuzendari eta protagonista ere izan da «Nomofobiak» eta «Gutuberrak» websailetan, eta iazko SERIESLAND jaialdian parte hartu zuen.
- George Reese: Filosofian lizentzia atera ondoren hasi zen produkzio laguntzaile lanetan telebistako zenbait programatan, 90eko urteetan; baina online jokoak programatzeko zaletasunak eraman zuen sektore teknologikoan karrera arrakastatsu bat izatera. Informatikaren gaineko zenbait libururen egilea da, eta hiru teknologia enpresaren sortzailea; 2013an bere konpainia saldu zion Dell multinazionalari, eta, ondoren, ikus-entzunezkoaren mundura itzuli zen gidoigile, ekoizle eta zuzendari alorretan zentratzeko. Horrez gain, Seeka TV startuparen fundatzaileetakoa eta presidenteordea da; sail independenteen plataforma berria da Seeka TV, 2.000 atal inguru banatu dituena kalitatezko eta genero, hizkuntz eta ikuspegi askotako 150 bat sail independenterenak.
Inaugurazio eguna eta zabalkundea
2021eko SERIESLAND gaur arratsaldean abiatuko da, Bilborocken, bere egoitza nagusian, 17:00etan. Irekierako ekitaldi labur baten ondoren, programa hasiko da Amets saileko websail independenterik harrigarrienetako batzuk proiektatuz, eta, segidan, Short&Docu kategorian ez-fikziozkoen edukia abiatuko da, agertokian lehiaketako bi lanen arduradunak izango direlarik. Gero, Euskal Screenings hasiko da, hemengo websailena, Ane Lindanek gidatuta, eta Jaialdiaren Sail Ofizialeko obren lehen ikustaldia izango da. Eguna amaitzeko, lehiaketako trailer guztiak emango dituzte, eta SERIESLAND Xpress saria banatuko dute. Aurten hasia da sail hori: ikus-entzunezkoen graduan dabiltzan ikasleek onartu dute 48 orduan gezurrezko iragarki bat egitea websail hipotetiko baterako.
SERIESLANDen programan datozen jendaurreko jarduera guztietara doan sar daiteke, aurretik webgunez (Eventbritez) erreserba eginda, ez dadin jende pilaketarik izan eta segurtasuna errazteko. 4.000 leku inguru daude hiru aretoak hartuta; iaz, %75 murriztu behar izan zen, COVIDaren aurkako neurriak zirela eta.
Dena dela, SERIESLANDen eragina ez da publiko aurreko presentzia fisikoan gelditzen, hori baino askoz gehiago da eta. Iaz, lehiaketako websailen 120.000 ikustaldi lortu zituen jaialdiak, eta bere jardueretan zuzeneko 3.000 jarraipen erregistratu zituen sakelakoaren nahiz ordenagailuaren bitartez; horrekin batera, milioi erdi inguru ikustaldi izan zituen webgunean eta sare sozialetan.
SERIESLANDek honako erakunde hauen laguntza eta babesa jasotzen du: Beaz foru sozietatea, udalerriko Bilbao Ekintza, Zineuskadi, Kultur eta Kirol Ministerioa, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, EIKEN Klusterra, Laboral Kutxa, AC/E eta Ikey Group Comunicación etxea.