SERIESLAND JAIALDIKO EPAIMAHAIAK JAZMIN STUART ZUZENDARI ETA AKTORE ARGENTINARRARI EMAN DIO SARI NAGUSIA, «CARTAS A MIS EX» WEBSAILAGATIK

Inicio/Blog, Comunicación, Notas de Prensa, Noticias, Periodismo/SERIESLAND JAIALDIKO EPAIMAHAIAK JAZMIN STUART ZUZENDARI ETA AKTORE ARGENTINARRARI EMAN DIO SARI NAGUSIA, «CARTAS A MIS EX» WEBSAILAGATIK

SERIESLAND JAIALDIKO EPAIMAHAIAK JAZMIN STUART ZUZENDARI ETA AKTORE ARGENTINARRARI EMAN DIO SARI NAGUSIA, «CARTAS A MIS EX» WEBSAILAGATIK

  • Quebeceko “Amour d’occasion” lanak irabazi du sailik onenarena, eta Bryan Lye kanadiarrak zuzendaritzarik onenarena, «The Hidden Track» errusiar-britainiar koprodukzioagatik
  • Emmanuel Schwartzi gizonezko aktorerik onenarena eman diote, Quebeceko beste lan batean jokaturiko rol nagusiagatik («Écrivain publique»), eta Lander Otaolari taldeko gizonezko onenarena, «Encierra a un ladrón» lanean egindako rolagatik
  • Emakumezko aktorerik onena Alysse Hallaliri eman diote, Frantziako «Alice in Paris» websailagatik, eta taldeko emakumezkorik onena Kendra Alaura jo dute, zati bat Bilbon fimaturiko AEBetako «Utopia Planitia» sailean egindako rolagatik
  • «Amour d’occasion» lanak beste sari bat izan du argazkirik onenagatik, eta «The Hidden Track» lanak ere bigarren sari bat jaso du, onena izan delako fantasia/zientzia-fikzio/thriller kategorian
  • «Ixa» lanak irabazi du euskal websailik onenarena, Alemaniako Die Seriale jaialdiak ere saritua «bere kalitate teknikoa gainerakoena baino hobea izan delako eta formatuaren originaltasunagatik»
  • Amets sekzioak sariak banatu dizkie beste 10 sail independenteri, eta «Short Show» atalean, honako hauek saritu dira: “El método” (Espainia) eta “Dopamine” (Frantzia), “La mancebía” laneko Cecilia Gomez andaluziar aktorea eta Australiako “Youth on strike” dokumentala

Bilbo, 2020ko urriaren 23a.- SERIESLAND, Bilbon egiten den Nazioarteko Websailen VI. Jaialdiak gaur jakinarazi du nor diren sarien irabazleak bere zerrendako 30 kategorietan. Jazmin Stuart argentinar zuzendariak irabazi du Epaimahaiaren Sari Handia showrunner kategorian; iaz sortu zen aitorpen hori eta dagoeneko euskal lehiaketako garrantzitsuena bihurtu da.

Showrunner batek ekoizpen, gidoi eta zuzendaritza zereginak biltzen ditu, eta batzuetan baita aktore zereginak ere. Hala, sari honek ikus-entzunezko produktuaren bultzatzaile nagusia saritu nahi du, lehen ere ospe handiko jendeak irabazia duena; besteak beste, Woody Allenek, David Lynchek eta Martin Scorsesek eta, telebistaren alorrera etorrita, David Benioff eta  D.B. Weiss bikoteak “Tronuen dema” sailagatik. SERIESLANDek aitorpen berezia egin nahi dio figura horri websailen alorrean; hortaz, showrunner onenaren saria bihurtu da lehiaketako sari nagusia.

Aurtengo saria Jazmin Stuart argentinarrarentzat izan da, «Cartas a mis ex» sailaren sortzailea bera, 12 minutuko zortzi kapitulurekin. Zortzi pertsonaiak gutun bat igortzen diete irudi eta soinu bidez beren bikotekide ohiei, eta horietan askotariko gorabeherak agertuko dira, hala nola amaitu gabeko harremanak, itxaropenak, zauriak, argiuneak, harreman kaltegarriak eta desafioak. Maitasunaren erradiografia bat bakardadearen aroan. Jazmin Stuart (Buenos Aires, 1976) Argentinako telebistan hasi zen aktore, 1998an, eta geroztik protagonista izan da telebistako hamabost lanetan. Zineman, berriz, dozena bat rol jokatua du, eta 2012an egin zuen lehen lana zuzendari postuan «Desmadre» lanarekin; horretaz gainera, zuzendaria eta protagonista izan da zenbait antzezlanetan ere.

«Amour d’occasion» websailak irabazi du sailik onenaren saria. Quebeceko ekoizpen bat da, Montrealen gertatzen dena, bero kolpe batek hiriko jendea zorabiatuta uzten duenean. Gauzak horrela, Saint-Henri auzoko biztanleak azalpenik ez duten zenbait gertaeraren biktima izango dira. 11 minutu irauten duten zortzi sail dira, horiek ere Eva Kabuya zuzendari eta gidoilariarenak. Zuzendaritzarik onenaren saria Bryan Lye kanadiarraren eskuetara joan da, «The Hidden Track» errusiar-britainiar ekoizpenagatik. Sei atal dira, errusiar gazte batek Londresera egiten duen bidaia erakusten dutenak; bere ahizparen desagerpena ikertzera joaten da.

Emmanuel Schwartzi gizonezko aktorerik onenarena eman diote, Quebeceko beste lan batean jokaturiko rol nagusiagatik («Écrivain public»), eta Lander Otaolari taldeko gizonezko onenarena, «Encierra a un ladrón» lanean egindako rolagatik. Emakumezko aktorerik onena Alysse Hallaliri eman diote, Frantziako «Alice in Paris» websailagatik, eta taldeko emakumezkorik onena Kendra Alaura jo dute, zati bat Bilbon fimaturiko AEBetako «Utopia Planitia» sailean egindako rolagatik. «Amour d’occasion» lanak beste sari bat izan du argazkirik onenagatik, eta «The Hidden Track» lanak ere bigarren sari bat jaso du, onena izan delako fantasia/zientzia-fikzio/thriller kategorian.

«Ixa» aplikazio-sailak irabazi du euskal websailik onenarena, bertikalean filmatua sakelakoan ikusia izateko. Alemaniako Die Seriale jaialdiak ere saria eman zion «bere kalitate teknikoa gainerakoena baino hobea izan delako eta formatuaren originaltasunagatik». Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio Graduko ikasle ohiek egina da, Tabakalerako Ikus-entzunezko Laborategiak emandako dirulaguntza bati esker ekoitzia.

Amets sekzioak sariak banatu dizkie beste 10 sail independenteri, eta «Short Show» atalean, honako hauek saritu dira: “El método” (Espainia) eta “Dopamine” (Frantzia), “La mancebía” laneko Cecilia Gomez andaluziar aktorea eta Australiako “Youth on strike” dokumentala.

SERIESLANDi buruz

Nazioarteko websailik onenak Bilbon elkartzen dira, SERIESLAND Jaialdian. Erreferentziazkoa da jaialdi hori zinemaren ohiko kanaletatik eta telebistatik kanpo sorturiko, errealizaturiko eta banaturiko ikus-entzunezko fizkiorik onena erakartzeaz denaz bezainbat. Aurreko bost aldietan, SERIESLANDek mundu osoko Interneteko sailetan diharduten mila sortzaile, ekoizle, artista eta banatzailetik gora batu ditu, eta 39 herrialdetatik datozen 800 obra baino gehiago aurkeztu dira.

SERIESLANDek honako erakunde hauen laguntza eta babesa izan du: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, Beaz foru sozietatea, Bilbo Ekintza udal agentzia, Kultur eta Kirol Ministerioa, Zineuskadi, EIKEN klusterra, Key Group Comunicación etxea, Laboral Kutxa, Euskotren eta Videmic.