SERIESLAND JAIALDIAREN ZORTZIGARREN EDIZIOAK ERAKUSTEN DU EMAKUMEEK GERO ETA PROTAGONISMO HANDIAGOA DUTELA IKUS-ENTZUNEZKOEN SEKTOREAN, ETA METABERTSOAREN SORMEN-AUKERAK ETA ERREALITATE BIRTUALA AZTERTZEA PROPOSATZEN DU

Inicio/Blog, Comunicación, Notas de Prensa, Noticias, Periodismo, Videos/SERIESLAND JAIALDIAREN ZORTZIGARREN EDIZIOAK ERAKUSTEN DU EMAKUMEEK GERO ETA PROTAGONISMO HANDIAGOA DUTELA IKUS-ENTZUNEZKOEN SEKTOREAN, ETA METABERTSOAREN SORMEN-AUKERAK ETA ERREALITATE BIRTUALA AZTERTZEA PROPOSATZEN DU
  • Rueda de prensa SERIESLAND 2022

SERIESLAND JAIALDIAREN ZORTZIGARREN EDIZIOAK ERAKUSTEN DU EMAKUMEEK GERO ETA PROTAGONISMO HANDIAGOA DUTELA IKUS-ENTZUNEZKOEN SEKTOREAN, ETA METABERTSOAREN SORMEN-AUKERAK ETA ERREALITATE BIRTUALA AZTERTZEA PROPOSATZEN DU

  • Websailen Nazioarteko Jaialdiari esker, Interneten emateko sortutako ikus-entzunezkoen nazioarteko topagune bihurtu du aurten ere Bilbo, eta, aldi berean, doako jarduera sorta zabala eskainiko da publikoarentzat: emanaldiak, hitzaldiak, mahai-inguruak, galak eta kaleko jarduerak
  • Hautatutako 85 websailetatik, ia % 50 emakumeek sortuak, zuzenduak eta/edo ekoitziak dira. Portzentaje hori handiagoa da beste ikus-entzunezko jaialdi batzuetan lortutakoa baino, kontuan izanik emakumeen ordezkaritza oraindik ere konpondu gabeko arazoa dela zinemagintzan edo telebistagintzan
  • SERIESLAND jaialdia bihar hasiko da, ikus-entzunezkoei aplikatutako metabertsoari eta ingurune interaktiboei buruzko jardunaldi profesional batekin. Era berean, Sail Ofizialean lehiatzen diren bi obra errealitate birtualeko teknikekin eta 360°-ko bideo-teknikekin filmatu dira
  • Valeria Shashenok tiktoker ukrainarrak hitzaldi bat emango du ostegunean BilboRocken; Shashenok biral bihurtu da umoreari esker, aire-erasoetatik babesteko gune batean 17 egunean itxita zegoela eginiko bideoekin
  • Ohikoa denez, SERIESLAND jaialdia toki berezia eskainiko dio euskal produkzioari Euskal Screenings sailean, eta aurtengo edizioaren berezitasuna da lehenbizikoz lehiatuko dela euskaraz filmatutako websail bat jaialdiaren Sail Ofizialean

* BIDEOA: Lehiatuko diren websailekin egindako muntaketa: https://vimeo.com/752921474

Bilbo, 2022ko urriaren 13a.- SERIESLAND Bilboko Nazioarteko Websailen Jaialdiak zortzigarren edizioa izango du arten, eta zortzigarren urtez antolatu du jarraian Internet bidez banatzeko sortutako ikus-entzunezko produktuen hitzordua. Aurtengo edizioaren bereizgarri izango dira, alde batetik, emakumeek zuzendaritzan gero eta protagonismo handiagoa izatea eta, bestetik, ikus-entzunezko sorkuntzan metabertsoa eta errealitate birtuala aplikatzeko sortzen diren aukerak. Ukrainako gerrak ere izango du tokirik lehiaketan; izan ere, Valeria Shashenok izango da gonbidatu berezietako bat, gaur egun Italian errefuxiatuta dagoen 20 urteko tiktokerra. Umore beltz nabarmenez dokumentatu zuen aireko erasoetatik babesteko gune batean emaniko 17 eguneko itxialdia, eta bideoren batekin 50 milioi klik baino gehiago ere lortu zituen.

Jarduera-programa urriaren 14tik 22ra izango da, eta bihar hasiko da Uribitarteko Bilbao Berrikuntza Faktoriaren egoitzan, sormen-enpresei eta ikus-entzunezkoen sektoreari eta sektore digitalari zuzendutako jardunaldi profesional batekin. Lehiaketara doazen tituluen proiekzioa eta jarduera gehienak datorren astean zehar izango dira, dela BilboRockeko egoitza nagusian, dela hirian zehar banatutako beste leku batzuetan, Guggenheim Museoaren auditoriuma barnean harturik. Izan ere, azken horretan egingo dira amaiera gala eta sari-banaketa.

Zazpi urteko ibilbidean, SERIESLAND websailen erreferentziako jaialdi bihurtu da mundu zabalean, eta, ondorioz, Bilbo sektorearen topagune bihurtzen da urtez urte jaialdi honen edizioekin. Bizkaiko hiriburuak ikus-entzunezkoen segmentu horretako sorkuntza, ekoizpen eta banaketako profesionalak elkartzen ditu urtero, eta, aldi berean, doako jarduera sorta zabala eskaintzen du publikoarentzat: proiekzioak, hitzaldiak, mahai-inguruak, galak eta kaleko jarduera.

Guztira 85 websail aukeratu dira jaialdiaren atal batzuetan eta besteetan, baina aurtengo edizioaren berezitasuna da haietatik ia % 50 emakumeek sortuak, zuzenduak edo ekoitziak direla. Beste ikus-entzunezko jaialdietan, urrun dago ehuneko hori lortzetik, kontuan izanik oraindik konpondu gabeko arazoa dela zinemagintzan zein telebistagintzan. SERIESLAND jaialdiak emakumeen parte-hartze handia izan du tradizioz, baina aurtengo ediziora arte ez du izan banaketa ia parekiderik.

Gero eta handiagoa den protagonismo horrekin bat etorriz, zinema ikuspegi feministatik hausnartuko duen hitzaldi bat izango da aurtengo edizioko lehen jardueretako bat. (H)emen elkarteak eskainiko du hitzaldi hori. 2016an sorturiko elkarte horren helburua da emakume profesionalen ikusgarritasuna bultzatzea ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreetan. Hala, (H)emen elkartearen laguntzarekin, ostegunean mahai-inguru bat egingo da emakumeek ikus-entzunezkoetan duten rolari buruz, eta balioa emango die mundu digitaleko emakume sortzaileei.

Metabertsoa eta errealitate birtuala ikus-entzunezko sorkuntzan

SERIESLAND jaialdiaren zortzigarren edizio honetako beste bereizgarrietako bat zera izango da, metabertsoak eta errealitate birtualak ikus-entzunezkoetan izan ditzaketen aplikazioei buruzko eztabaida eta analisia. Biharko jardunaldian hainbat aditu arituko dira, hala nola Ecequiel Barricart (sormen eta marka kontuetan aditua, eta El ser digital liburuaren egilea) edo Ali Urrosolo (film eta telesailetan oinarritutako esperientzia murgiltzaileak merkaturatzen dituen bidaia-agentzia gisako ikus-entzunezko ekoizpen-etxe berritzaile baten zuzendaria). Bertan izango da, orobat, Virtualware euskal enpresa ere, errealitate birtualaren arloan berritzailea den konpainia.

Eztabaida-saioan landuko diren gaien artean, nabarmentzekoak dira metabertsoak eskaintzen dituen aukerak, bai eta ingurune elkarreragileen erabilgarritasuna edo errealitate birtualak ikus-entzunezko sorkuntzarako eskaintzen dituenak ere. Horretaz gainera, Euskadin garatu diren zenbait adibide ere aurkeztuko dira saioan. Bertaratzen direnek errealitate birtualeko betaurrekoekin esperimentatzeko aukera ere izango dute. Ildo horretan, arreta berezia eskainiko zaio ikus-entzunezko edukiak sortzeko aplikazioaren erakustaldi praktiko bati; izan ere, errealitate birtualeko teknikekin eta 360°-ko bideo-teknikarekin filmatutako serieen lagin bat izango da.

Publikoak, halaber, teknologia berri hori ezagutzeko aukera izango du, zeinak benetako itxura duten eszenak eta objektuak simulatzeko aukera eskaintzen baitu. Hala, jaialdiaren antolatzaileek horretarako stand bat jarriko dute Areatzan urriaren 22an (larunbata). Nahi duten guztiek izango dute eskura doan ingurune murgiltzaile eta interaktibo batean sartzeko aukera, teknologia digitalaren azken garapenetako baten emaitza gisa.

Txernihiveko Anne Frank

Ukrainako gerraren gaurkotasun dramatikoa ere presente egongo da SERIESLAND jaialdian; hain zuzen ere, 20 urte eskaseko neska batek parte hartuko du, zeinak nazioartean ospea lortu baitu TikTok sare sozialean, gatazkaren gainean ikuspegi bereziarekin argitaratutako bideoei esker. Valeria Shashenokek hitzaldi bat emango du urriaren 20an, osteguna, BilboRocken, ikus-entzunezko sortzaile gisa duen esperientziari buruz.

Errusiako bonbardaketetatik babesteko, Shashenokek eta haren familiak 17 egun igaro zituzten soto batean itxita aurtengo otsailetik martxora bitartean, eta, horren ondorioz, Anne Frankekin lderatu izan dute. Shashenok argazkilari independentea da Txernihiv jaioterrian —Ukraina iparraldeko hiri historiko bat, Errusiako mugatik 80 kilometro eskasera dagoena—. Valeria Shashenokek itxialdia baliatu zuen bere esperientzia dokumentatzeko. Eta gerraren ikuspegi dramatikoenetik aldenduz egin zuen, gainera. Hala, satira eta umore beltza hartu zituen marka pertsonaltzat, eta TikTok baliatu zuen, Z belaunaldiko sare sozial ezagunenaren bitartez, bera ere belaunaldi horretakoa izaki.

Sotoan zuen eguneroko bizitza partekatzen hasi zen, baita bere hiriaren suntsipen-irudiak zabaltzen ere. Gatazka kontatzeko duen modua biralizatu egin da, batez ere azpitituluak ingelesez ipintzen hasi zenetik aurrera. Horri esker, 1,1 milioi jarraitzaile lortu ditu mundu zabalean, eta «Egun tipiko bat bonben aurkako nire babestokian» bideoarekin 50 milioi klik baino gehiago ere lortu zituen, zeinari «C’è la luna mezzo mare» abesti klasiko siziliarra ipini baitzion soinu-banda gisa.

https://www.tiktok.com/@valerisssh/video/7071270332891483397?is_copy_url=1&is_from_webapp=v1&item_id=7071270332891483397

26 herrialdetako websailak eta euskal ekoizpena

SERIESLAND jaialdiaren aurtengo edizioan hautatutako websailak lau kontinentetako 26 herrialdetakoak dira guztira. Nabarmentzekoa da Kanadatik eta AEBtik jasotako lanen kopurua (15 eta 8 obra, hurrenez hurren), baina baita Frantziakoak eta Alemaniakoak ere, seina titulurekin. Dena den, proiekzioetara joaten den publikoak izango du ia ezezaguna zaigun filmografia duten herrialdeetako lanak ikusteko aukera ere; esate baterako, Costa Rica, Luxenburgo, Singapur edo Libanoko lanak.

Sail Ofizialeko nazioarteko ekoizpenekin batera, jaialdiak arreta berezia eskainiko dio tokiko ekoizpenari astelehenean izango den Euskal Screenings sailean. Eta, bertan, protagonismo berezia izango du gazteei zuzendutako eta EiTBk sustatutako proiektu original batek, zeinean websail bat, zenbait podcast eta sare sozialetako edukiak biltzen baitira. Horretaz gainera,Daniel|A| da SERIESLAND jaialdiaren Sail Ofizialean lehiatzen den lehenbiziko euskaraz filmatutako produkzioa.

Ekoizpen berritzaile hori transmedia narratibaren alorrean sartzen da —komunikabide eta komunikazio-plataforma ugariren bidez garatutako kontakizuna—, eta euskaraz eginda dago. Nora Alberdi da zuzendaria, eta genero-identitatea eta nork bere burua onartzeko beharra jorratzen ditu. Daniel|A| lanak hamar minutuko sei kapitulu ditu, websail digitaleko formatuan eginak.

Gogoratu behar da SERIESLAND euskal websailak hedatzeko plataforma gehigarri bat dela; izan ere, Bilbon elkarturiko nazioarteko zortzi jaialdik Euskadin egindako titulu bat aukeratzen dute, ondoren beste zenbait herrialdetan egingo diren lehiaketetan parte hartzeko, hala nola Alemanian, Italian, Errusian, Amerikako Estatu Batuetan, Brasilen edo Korean.

Astearteko jardunaldia estreinaldiei eskainiko zaie. Ildo horretan, BilboRock izango da galaren egoitza, eta bertan elkartuko dira jendaurrean lehen aldiz aurkeztuko diren lau tituluak sortu dituzten taldeetako kideak. Hauek izango dira: Ene, zelako gaua, Sorgina, Her name is nobody Euskadiren eta Alemaniaren arteko koprodukzioa eta Gastón Haag uruguaitarraren Superjodidos, zeinean Lander Otaola, Ylenia Baglietto edo Andoni Agirregomezkorta euskal aktore ezagunek esku hartzen baitute. Ekitaldian, gainera, Bocabeats euskal umorista bikotearen emanaldia ere izango da, zeinak YouTubeko kanal arrakastatsuari esker ezagun egin baitira —haien bideoak biral bihurtu dira eta 200.000 ikustaldi baino gehiago izan dituzte—.

Bestalde, SERIESLAND jaialdiak iazko edizioan abiatutako atal bat ere izango du: Xpress, ikus-entzunezko graduak ikasten dituzten gazteei zuzendua. Gaur arratsaldetik larunbatera bitarteko epean, balizko websail baterako trailer faltsu bat filmatu behar da atal horretan. Erronka horretarako, hogei bat hautagai aurkeztu dira aurtengo edizioan, eta, hiru egun horietan, filmazio-taldeetako 200 lagun inguru mobilizatuko dira Bilboko eta Bizkaiko hainbat tokitan Haien lanen emaitza BilboRocken proiektatuko da astelehenean, eta, saioaren amaieran, saria banatuko da.

Epaimahaikideak

Lehiaketako sariak erabakiko dituen epaimahaiari dagokionez, aurtengo edizioan lau herrialdetako lau pertsona izango dira:

  • Rocío Carbajo argentinarra formatu berrietan espezializatutako ekoizlea da, transmedia kontaketa eta errealitate birtuala barne, eta bi hamarkadako ibilbide profesionala du, lehenik eta behin Argentinan —mikrosailen errealizazio eta banaketan aitzindaria izan zen plataforma bat koordinatu zuen han— eta gaur egun, berriz, Bartzelonan.
  • Dipu Bhattacharya, indiar jatorriko ekoizle, gidoigile, editore eta zuzendari iparramerikarra, The pantless detective websail sarituaren sortzaileetako bat da —zinema beltzaren parodia bat, komedia kutsukoa, eta nazioarteko hainbat jaialditan lortu du aitortza—.
  • Luis Felipe Alvarado perutarra da. Komunikazio Zientzietan lizentziatua da eta 25 urte baino gehiagoko irakaskuntza-ibilbidea dauka. Horrekin batera, era guztietako telebista-gidoiak egin ditu bere herrialdean, askotariko formatuetan, hala nola Peruko telenobela arrakastatsuenetako batzuk, realityak, lehiaketak edo haurrentzako programak. Telebistako ibilbideari esker, Emmy Awards sarietako epaimahaikide izan zen 2015ean. Lima Web Fest jaialdia sortu zuen, eta websailen nazioarteko beste lehiaketa batzuetan parte hartua da.
  • Nataliya Grigorieva, Zinemaren eta Antzerkiaren Historian graduatua, formatu txikiko telesailetan espezializatutako The Digital Reporter aldizkariko editore-burua da. Era berean, Realist Web Fest jaialdiko Hautaketa Batzordeko kidea da, eta, berrikiago, Berlin Web Fest jaialdikoa ere bai.

Bestalde, eta eduki digitalen merkatu-plataforma eta sektoreko profesionalen topagunea eratzeko bokazioaren barruan, SERIESLAND jaialdiak hainbat jarduera egingo ditu urriaren 19, 20 eta 21eko goizetan, gidoiak optimizatzera eta nazioarteko produkzio-etxeei proiektuak aurkeztera bideratuta, eta, horretaz gainera, etorkizuneko proiektu digitaletan Euskadiko zein nazioarteko ekoizpen-etxeen artean lankidetzan aritzeko aukerak aztertuko dituzte. Hizlari eta aholkulari gisa nazioarteko adituek hartuko dute parte, besteak beste, Alemania, AEB, Argentina edo Espainiako ekoizpen-konpainietako eta/edo banatzaileetako arduradunek, Viacom komunikabideen taldea barne.

Atal profesional honetako epaimahaikideen artean, ikus-entzunezko proiektuak aurkeztearekin loturik bereziki, ikus-entzunezko industriako figura handiak nabarmentzen dira:

  • Blanca Baena, K2000 etxeko (MEDIAPRO) fikzio zuzendari eta produktore exekutiboa.
  • Mia Rogelsek, SkyShowtime plataformakoa.
  • Adrian Garelik, Argentinako Flixxo entretenimendu-plataformako zuzendaria.
  • Bryan Thompson, Imani Films etxeko zuzendaria, eta MAVERICK Entertainment-en ordezkaria.

SERIESLAND jaialdiak honako erakunde hauen babesa du: Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbao Ekintza udal-sozietatea (Bilboko Udala), Laboral Kutxa, Zineuskadi, EIKEN klusterra, Ikey Group Comunicación etxea, SeekaTV websailen ekoizpen- eta Ipar Amerikako banaketa-etxe independentea, Acción Cultural Española, Eusko Trenbide Sarea,Euskotren eta Cervezas Oro.