GUZTIRA 92 LANEK PARTE HARTUKO DUTE SEIGARREN SERIESLAND-EN, BILBOKO WEBSAILEN NAZIOARTEKO JAIALDIAN

Inicio/Blog, Comunicación, Notas de Prensa, Noticias, Periodismo/GUZTIRA 92 LANEK PARTE HARTUKO DUTE SEIGARREN SERIESLAND-EN, BILBOKO WEBSAILEN NAZIOARTEKO JAIALDIAN
  • VI. SERIESLANDen lehiatuko diren lanetako batzuk.

GUZTIRA 92 LANEK PARTE HARTUKO DUTE SEIGARREN SERIESLAND-EN, BILBOKO WEBSAILEN NAZIOARTEKO JAIALDIAN

  • SERIESLANDen lehiatuko diren lanak lau kontinentetako 22 herrialdetakoak dira, eta partaide gehienak Argentinakoak, AEBtakoak eta Kanadakoak izango dira, zazpi euskal websailekin batera

  • Konfinamendua dela-eta hautagaien sarrera kopuruan geldialdi bat izan eta gero, berreskuratu egin da ekoizpena , eta joan den urteko parametroetatik hurbil da

  • Komendia landu dute aurten ere, baina kutsu iluneko gai ezkorrek lekua irabazi dute koronabirusaren urtean, baita komedia dramatikoek ere, umorea eta une serioak konbinatuz

  • Nabarmentzekoa da aurten giltzarrizko postuetan emakumeek duten presentzia, hala nola zuzendaritzan, sorkuntzan, gidoian, ekoizpenean eta argazki zuzendaritzan

  • Hilaren 19an eta 23an izango da jaialdia, eta hogeita hamar bat jarduera hartuko ditu; besteak beste, edukiak sarean doan ikusteko parada urriaren 15etik 25era

Bilbo, 2020ko irailaren 28a.- Guztira 92 lanek parte hartuko dute Bilboko websailen nazioarteko seigarren jaialdian, urriaren 19tik 23ra. VI. SERIESLAND honetan, lau kontinentetako 22 herrialdetatik datoz lanak, eta nabarmentzekoa da zenbait herrialdetako partaidetza handia, hala nola AEBak, Kanada eta Argentina. COVID-19ari aurrea hartzeko neurriengatik lehiaketak formatua egokitu egin beharko badu ere, partaidetza aldetik ez du jasan pandemiaren eraginik; izan ere, eutsi egingo dio joan den urteko partaidetza handiari.

Aurreko bost jaialdietan, SERIESLANDek lortu du nazioartean erreferentziazko lehiaketa izatea Internet bidez banatua eta ikusia izateko eratu den ikus-entzunezkoen sorkuntza modalitate honetan. Ikusten da jaialdiak ospea hartu duela, lehiaketako obrak leku askotatik baitatoz: 36 Europatik, 42 Ameriketatik, zortzi Asiatik eta sei Australiatik. Herrialdeka, Argentinak 12 lan aurkeztu ditu, Kanadak 12 eta AEBek 11, eta horien ondotik datoz Euskal Herrikoak (zazpi), Alemaniakoak, Frantziakoak eta Erresuma Batukoak (sei bakoitzak), Italiakoak eta Koreakoak (laurekin), Brasilgoak hirurekin eta Errusiakoak eta Suitzakoak birekin. Herrialde hauek berriz websail bana aurkeztu dute: Txina, Japonia, India, Israel, Peru, Txile, Uruguai, Espainia, Belgika eta Luxemburgo.

VI SERIESLANDek guztira 176 websail jaso zituen lehiaketan parte hartzeko; horietatik erdiak pasatxo izan dira hautatuak Bilboko jaialdiko sarietan lehiatzeko eta lehiaketatik kanpo proiektatuak izateko.

SERIESLAND jaialdian parte hartzeko hautagaien sarrera kopuruan geldialdi bat izan bazen ere, batez ere apirilean eta maiatzean, ekoizpen kopurua berreskuratu egin da, eta aurreko aldietako parametroetan da. Alde horretatik, koronabirusaren pandemiak krisia ekarri badu ere —herrialde gehienetan gutxi-asko izandako konfinamendu aldiek eraginda— websailetan ez da hainbeste nabaritu; izan ere, ikus-entzunezko beste formatu batzuetan giza baliabide eta material gehiago behar izaten dituzte, eta logistika konplexuago bat erabiltzen dute.

Generoei eta gaiei dagokienez, SERIESLANDen lehiatuko diren websailetan ikusten da aurten ere maiz jo dutela komediara, baina, koronabirusaren urte honetan, dramak eta tonu iluneko gai ezkorrek lekua irabazi dute, konfinamenduarekin erlazionaturiko gai askotarikoak lantzen dituzten obrak barne. Alde horretatik, ugariak dira komedia dramatikoak, umorea eta une larriak nahasten dituztenak. Sare sozialekin eta Interneten «alde ilunarekin» erlazionaturiko argumentuak ere landuta datoz hautaturiko websailetako batzuetan. Eta aurten hala berean da nabarmentzekoa emakumeen presentzia sorkuntzen giltzarrizko eta ardura handiko postuetan. Tituluen %60tan emakumeak arduratu dira zuzendaritzaz, sorkuntzaz, gidoiaz, ekoizpenaz eta argazki zuzendaritzaz.

VI. SERIESLAND urriaren 19tik 23ra izango da aurrez aurreko formatuan, eta Bilborock aretoa izango du egoitzan nagusia oraingoan ere; horrez gain, Bizkaia Aretora joko du programatuta dauden 30 jarduera pasa horietako batzuk gauzatzeko. Bestalde, jaialdiak aukera emango du urriaren 15etik 25era websailak sarean doan ikusteko eta jarduerei streaming bidez jarraitzeko.

SERIESLAND jaialdiari buruz

SERIESLAND-Bilbo International Digital Festival da websailen ikus-entzunezko lehiaketa bakarra Euskal Herrian egiten dena; eta orain arte egin diren bost jaialdietan bere burua sendotzea lortu du, generoan erreferentziazkoa bihurtuta nazioarte mailan eta urtez urte bost kontinentetako sailak erakarrita lehiara. Lanik berrienak eta nabarmenenak doan ikusteko modua izateaz gain, lehiaketak bigarren adar bat dakar ikus-entzunezko sektorearentzat diseinatua: fikzio mota honetako sortzaileen, ekoizleen eta banatzaileen topagune bat, Internet bidez erakusteko pentsatua. Bizkaiko Foru Aldundiak babesa ematen dio jaialdiari, Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren bitartez, eta orobat BEAZ sozietate publikoak ere, zeinak pertsona eta enpresa ekintzaileei laguntzen baitie.

 

Gehiago jakiteko – SERIESLANDen prentsa bulegoa:

Juan Carlos Giménez
Tel. 94 694 59 85
Sakelakoa 602 216 346
jcgimenez@intermedia.eus

www.intermedia.eus