EMICA SOLAR SORTU DA, EAE-KO UR GAINEKO ENERGIA FOTOBOLTAIKOAREN GARAPENEAN LIDER IZATEKO HELBURUAREKIN

Inicio/Blog, Comunicación, Comunicación Corporativa, Notas de Prensa, Noticias, Periodismo/EMICA SOLAR SORTU DA, EAE-KO UR GAINEKO ENERGIA FOTOBOLTAIKOAREN GARAPENEAN LIDER IZATEKO HELBURUAREKIN
  • Prototipo EMICA Solar

EMICA SOLAR SORTU DA, EAE-KO UR GAINEKO ENERGIA FOTOBOLTAIKOAREN GARAPENEAN LIDER IZATEKO HELBURUAREKIN

  • EMICA BOMBAS-en ekimenez sortu da konpainia berria, 122 urteko ibilia duen euskal industria enpresa
  • Proiektu berritzailea eta integratzailea denez, babesa jaso du Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren eskutik
  • Ur gaineko instalazio fotoboltaikoek kokaleku bat baino gehiago izan ditzakete: aintzira naturalak nahiz artifizialak, urtegiak, edateko ura daukaten arroak, kanalak eta nekazaritzako ureztaketarako uharkak
  • Hamar urte baino ez dituen teknologia da, baina hazkuntza potentzial itzela du, eta abantailak dakarzkio ingurumenari; gainera, ez dago lehian nekazaritzako lurzoruekin
  • Ur gaineko eguzki energia fotoboltaikoa 20 gigawatt inguruko potentzia instalatura iritsi ahalko litzateke Espainian
  • Gaur aurkeztu dute EMICA SOLARen lehenengo prototipoa, Arabako Parke Teknologikoko ureztaketa putzuan instalatua dagoena

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 26a.- EMICA BOMBASek, mende batetik gorako ibilia duen Bizkaiko enpresak, EMICA SOLAR aurkeztu du gaur goizean, EAEko ur gaineko energia fotoboltaikoaren garapenean lider izateko helburuaezarria duen eskumendeko enpresa. Aurreneko pauso moduan, Euskal Herrian lehenengoa den erakusketa instalazioa ipini dute, energia berriztagarria sorrarazteko modalitate berritzaile honen muntatze eta mantenimendu operazioak balidatzeko balioko duen prototipoa.

Ur gaineko instalazio fotoboltaikoak aintzira naturaletan nahiz artifizialetan jar daitezke, baita urtegietan, edateko ura daukaten arroetan, kanaletan eta nekazaritzako ureztaketarako uharketan ere. Hamar urte baino ez dituen teknologia da, baina hazkuntza potentzial itzela du, eta abantailak dakarzkio ingurumenari; gainera, ez du nekazaritzako lurzorurik hartzen.

EMICA SOLAR 2021eko martxoan eratu zen EMICA BOMBASen dibertsifikazio estrategiatik, Euskal Herriko industria enpresarik zaharrenetako bat, 1899an eratua. Ponpatze ekipoak fabrikatzen dituen konpainia historikoak, egoitza Abanton duenak, bere plan estrategiko berriarekin ongi ezkontzen den negozio lerro bat identifikatu du ur gaineko fotoboltaikoetan. Jarduera tradizionalaren osagarri izango diren sinergiak sorrarazteko operazio berriei heltzea dakar planak. EMICAren punpatze ekipoen ohiko bezero direnek, esaterako, bonben energia kontsumoa konpentsatu ahalko dute bide horretatik. Baina, aldi berean, etorkizun handiko eremua irekitzen du energia berriztagarriak sorrarazteko modalitate berri honen garapenean.

Aurreneko fase batean, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu du produktuaren garapena Elkarlanean 2021 Programaren barnean, eta Europako FEDERen finantzaketa ere izan du. Ondoren, EMICA SOLARen sorkuntza bera babestu dute Bizkaiko Foru Aldundiak (Enpresa Berritzaileak Sortzeko 2021eko Programaren barnean) eta Eusko Jaurlaritzak (SPRIren finantza lerroen bitartez).

EMICA BOMBASek eraturiko konpainia berriak asmoa du liderra izatea merkatu ahaltsu horretan: kalkuluen arabera, Espainian bakarrik, urtegiak kenduta, 60 bat mila ur putzu daude instalazio fotoboltaikook har litzaketenak. Orain berriki, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak Espainiaren jabetzako 106 urtegi identifikatu ditu ur gaineko eguzki instalazio horiek egin litezkeenak. Sorkuntza aldetik, Espainiako Estatu osoan, urtegietan 8.600 MW inguruko merkatu potentziala dagoela kalkulatzen dute, eta ur putzuetan 10.000 MWkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, ureztaketa putzuak daude, putzu industrialak, antzinako meatze putzuak eta zenbait urtegi, instalazio fotoboltaikook har litzaketenak; horiek gaitasun estra bat emango lukete energia berriztagarrietan. EAEn,

berriztagarrien sorkuntza parkea, modalitate guztiak aintzat hartuta, ez da iristen gaur egun 3 GWeko potentzia instalatura, Red Electricaren datuen arabera. Arabako lautadan bakarrik, dauden 50 ureztaketa putzuetan, 40 MW instalatu ahalko lirateke.

Arabako Parke Teknologikoaren prototipoa

Prototipo erakusgarri bat izateko helburuz, eta ekipoen muntatze, operazio eta mantenimendu zereginetan edozein gorabehera testatzeko asmoz, EMICA SOLARek aurreneko aldiz egin du ur gaineko energia fotoboltaikoko instalazio bat Euskal Herrian, Arabako Parke Teknologikoan; instalazio txiki bat da, dagoeneko martxan dena parkea ureztatzeko euri urak biltzen dituen putzuaren gainazalean. 150×60 bat metroko gordailu txikia da, Parke Teknologikoak dituen lorategiko espazio guztiak mantentzeko erabiltzen da.

Ur gaineko egitura batean bermatuta dago instalazioa, eta haren ezaugarri bereizgarria da trimaran motako ontziaren kroskoan oinarritua dagoela eta egonkortasun handia duela urarekin kontaktuan den eremua txikia delarik: %93 txikiagoa beste sistema batzuekin alderatuta; horri esker, errotik gutxitzen ditu ebaporazio naturala, mantenimendu kostua eta ureko floran eta faunan duen eragina. Bi aurpegiko eguzki plakak erabiltzeko modua ere ematen du. Horrela, instalazioaren energia-errendimendu handiagoa lortzen da, eguzkiaren argia (uretan duen isla) hobeto aprobetxatzen delako, gainazalaren azpian dagoen elementu likidoaren tenperatura hozten delako eta plaken azpian airearen beroa transferitzen delako.

Horretaz gainera, plakek horrelako instalazio batean 25 graduko makurdura har dezakete (beste instalazio batzuetan ez da 10 gradukoa baino handiagoa izaten); hala, eguzkiaren erradiazioaren aprobetxamendu optimoa lortzen da, hau da, energia ekoizpen handiagoa. Ur putzuen kasuan, beste alde on bat dago, putzuok aldian behin hustu egin behar izaten baitira azpiak garbitzeko: egitura trikaskoak modua ematen du instalazio desmuntatu gabe ekiteko zeregin horri.

Parke teknologikoko instalazio esperimentala instalazio bakartua da; guztira, 32 eguzki plaka ditu 140 metro koadroko gainazalean lerrokatuta, eta zazpi etxe hornitzeko adinako energia elektrikoa sor dezake. Nolanahi dela ere, haren helburu nagusia da bai muntatze zereginen eta bai mantenimendu operazioen denborak balidatzea eta neurtzea. Era berean, uraren kalitatea analizatzeko modua emango du, eta egiaztatu ahalko da tenperatura aldetik alde handirik ba ote den, oxigenoa disolbatua ote dagoen, nolako pHa duen, nola dagoen klorofila aldetik eta beste zenbait faktore. Horretaz gainera, ekipo bat instalatuta izatea tresna ezin hobea da etorkizuneko bezeroei erakusteko. Hain zuzen ere, enpresa batek baino gehiagok bisitatu du instalazioa, eta interesatu da energia sortzeko modalitate berri honekin.

Lehenbiziko prototipo hau instalatuta, EMICA SOLARek energia berriztagarria garatzearen aldeko konpromiso argia erakutsi du Arabako Parke Teknologikoan, zeinek helburutzat jarri du energiaren kontsumoa %35 gutxitzea 2030erako. Urte horretarako, Parkearen asmoa da kontsumitzen duen energiaren %32 iturri berriztagarriek sortzea. EAEko parke teknologikoen sareak %16 baino gehiago murriztu du dagoeneko energiaren kontsumoa 2015. urtearekin alderatuta, eta kontsumitzen duen energiaren %1,30 energia berriztagarrien bitartez sortzen da. Testuinguru horretan sartzen dira EAEko parke teknologikoen jabetzakoak diren eraikinen autokontsumorako 10 instalazio fotoboltaikoren proiektuak, 2022an gauzatzen ari direnak. Era berean, Arabako Parke Teknologikoa aipamen bereziarekin saritu dute Gasteizko Udalak urtero ematen dituen Itun Berdearen 2021eko sarietan.

Mende batetik gorako ibilia

EMICA BOMBAS, 1899an eratua, konpainia historiko bat da, Bizkaiko eta Euskal Herriko zaharrenetakoa, eta mende batean baino gehiagoan bere izenari eta jarduera nagusiari eutsi dien enpresa eredugarri gutxi-gutxietako bat. Bonba zentrifugoak fabrikatzen ditu Uraren, Energiaren, Kimika eta Petrokimikaren eta oro har Industriaren sektoreetarako. Ekoizpenaren %30 inguru lau kontinentetako herrialdeetara esportatzen du. 50 bat langile ditu, eta 2021ean sei milioi euro inguru fakturatu zituen. Abantoko El Campillo industrialdean du enpresak egoitza nagusia (Bizkaian), non, ekoizpen jarduera nagusiaz gain, diseinu-zereginak eta mantenimendu- eta laguntza-tailerrak gauzatzen baititu. Horretaz gainera, ekipoak probatzen ditu bere saiakuntza bankuan. Beste fabrikazio gune bat ere badu Asturiasko Gijonen.

EMICA SOLAR bi elementu konbinatuz sortu zen: alde batetik, EMICA markaren sendotasuna, haren sare komertziala eta gaitasun finantzarioa; eta, beste alde batetik, EMS izeneko produktu patentatua. Gizarteko beharrei irtenbide iraunkorrak emateko negozio fidagarri bat eratzea planteatzen du konpainia berriak, erronka teknologiko berriei aurre eginez eboluzionatzeko gaitasuna izango duena.

EMICA SOLARen prototipoa Arabako Parke Teknologikoko ureztaketa putzuan instalatu dute.